2015(e)ko apirilaren 21(a), asteartea

XEHETASUNAK

Nori zuzendua da udaleku hau? zein da helburua?

Udalekua 8 eta 16 urte arteko neskei zuzentzen da. Zergatik neskei soilik? gaur egun rock eszenan oraindik ez delako lortu emakumeen presentzia normalizatzea eta hori lortzeko ekintza positiboak egitea beharrezkotzat jotzen dugulako.

Helburua udalekuan jasotako nozio musikalekin, taldearen babesarekin eta norbere buruagan konfidantza irabaziaz udalekuko azken egunean publiko aurrean abesti propio bat jotzeko gai izatea da, nahiz eta udalekuko lehenbiziko egunean inolako musika ezagutzarik ez izan.

Xedea, beraz, ez da musika instrumentu batean trebakuntza bikaina garatzea, desira dena egikaritzeko baliabideak sustatzea baizik.



Non eta noiz izango da?

Uztailaren 27tik abuztuaren 1era, Zarauzko Imanol Urbieta musika eskolan.

Uztailaren 27tik 31ra abestien sorkuntzan arituko gara, eta abuztuaren 1ean udaleku amaierako ekitaldia egingo dugu.



Musika eskarmenturik behar al da?

Ez da beharrezkoa. Musika gustoko izatea eta gogo bizia izatea bai, horiek beharrezkoak dira!



Zein izango da programa?

Udaleku irekia da, beraz ekintzak egunean zehar egingo dira, goizeko 9etatik arratsaldeko 5ak ingurura. Gutxi gorabehera, hau izango da eguneko programa:

8:45   – 9:00 Ongi etorria.
9:00   – 10:00 Goiz jolasak eta beroketa.
10:00 – 11:15 Tailer musikala (Abestien sorkuntza/Instrumentu klasea/ Musika lanketa).
11:15 – 11:30 Atsedena.
11:30 – 12:45 Tailer musikala (Abestien sorkuntza/Instrumentu klasea/ Musika lanketa).
12:45 – 13:30 Bazkaria.
13:30 – 14:00 Bazkalosteko jolasak/Talde gonbidatuaren kontzertua.
14:00 – 15:15 Talde entsegua
15:15 – 16:30 Tailer ez musikala (Gorputz espresioa, irratigintza, serigrafia…)
16:30 – 17:00 Agurra



Zer eraman behar da?

Garrantzitsuena gogoa ekartzea da. Udalekuak musika tresnak, anplifikagailuak, soinu ekipoak... utziko ditu; dena dela, norbaitek berea izan eta ekarri nahiko balu, ekar dezake noski! ekarri beharreko beste gauza, norberak bere bazkaria izango da.



Zenbat ordaindu behar da?

Udalekuaren kostua 75€-koa izango da (musika tresnak, ikas materiala eta asegurua barne).



Nork antolatzen du udalekua?

Lou Rock Udalekua MEFsst! kolektiboaren ekimena da. 2013 urtetik ekintza ezberdinak antolatzen ditugu rock eszenan emakumeen presentzia normalizatzeko eta era berean rock-aren bidez gure buruak indartu eta ondo pasatzeko!

Orain arte antolatu ditugun ekintzen artean honakoak daude:


MEFsst! 1, 2 eta 3 jaialdiak:





Kontzertuak:


                



Udaleku honek Zarauzko Udalaren laguntza jaso du (azpiegitura).